HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2020 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

Emakumeak


Gladys del Estal
Informatikaria
- 1979-06-03

Gladys del Estal Ferreño (Venezuela, 1956 - Tutera, Nafarroa Garaia, 1979ko ekainaren 3a) donostiar ekintzaile ekologista bat izan zen. Guardia zibil batek tiroz erail zuen, Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear bat erreprimitzean. Mugimendu antinuklearraren ikur bat da Euskal Herrian.

Gladys del Estalen gurasoak —Enrike del Estal Añorga eta Eugeni Ferreño— euskal herritarrak ziren. Enrique del Estal eusko gudaria izan zen Espainiako Gerra Zibilean; Errepublikaren aurka matxinatutako indar faxistei aurre egin zien, Meabe Batailoiko kide zen-eta. Gerraondoan, Venezuelako Caracas hirian errefuxiatu ziren. Gladys 1956. urtean jaio zen, eta artean lau urteko zelarik, Euskal Herrira itzuli zen familia osoa. Hasiera batean, Donostiako Egia auzoko Aldakonean bizi izan ziren, baina geroago Atotxako dorreko etxebizitza batera aldatu ziren. Gladysek Presentación de María ikastetxean egin zituen lehenengo ikasketak, eta administrazioa ikasi zuen Nazaret Zentroan. Donostiako Informatika Fakultatean 1973an hasi zen, eta 1978an bukatu zuen informatikako lizentziatura. Ondoren, kimika eta biologia ikasteari ekin zion, eta aldi berean programatzaile informatikoa zen Donostiako Askatasunaren etorbideko boutique batean kontabilitatea eramanez.

Gizarte-ekintzaile oso aktiboa zen. Donostia hiriko Egia auzoko Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen, baita Talde Antinuklearrekoa eta etxegintza-espekulazioaren aurka aritzen zen Hirigintza eta Ingurumen Batzordekoa ere. Auzoko kultura-bizitzan parte hartzen zuen, eskolak ematen eta haur-taldeak dinamizatzen. Hala nola, Maria Reina ikastetxean klaseak eman zituen gau-eskolan graduatu gabeko langile jende helduentzat, langile haiek Lehen Mailako Ikasketa-Titulua lor zezaten. Eta Maria Reina ikastetxe horretantxe haur talde bat ere dinamizatu zuen naturarekiko ezagutza errespetatu eta bultzatzeko asmoz. Beti bizikletaz ibiltzen zen, eta bere aita eta beste ekintzaile batzuekin Lemoizera joateko bizikleta-martxa bat antolatu zuen, Euskal Kosta Ez Nuklearra aldarrikatzeko. Auzoko beste gazte batzuekin batera, larunbatetan informazio-mahaiak ere antolatzen zituzten kaleetan; liburuxkak, pegatinak eta kartelak egin ahal izateko dirua biltzen zuten horrelakoetan. Atotxako dorreko bere gelako leihoan eguzki antinuklear handi bat jarri zuen, Atotxako futbol-zelai zaharretik eta Donostiako hainbat tokitatik ikusten zen. Kartel horrek XXI. mendeko hasieraraino iraun zuen, eta ehunka mila pertsonak ikusten zuten telebistako futbol-partidetan.

Gaitasun berezia zuen analisirako eta idazteko. 1970eko hamarkadan Espainiako estatu osoan zentral nuklearrezko sare bat martxan jarri nahi zenean, Gladysek bere denbora librean txostenak idazten zituen, zentral nuklearren abantailak eta arriskuak adierazteko, eta material horiek debate publikoetan argumentu ofizialei aurre egin ahal izateko. Garai hartan Iberduero enpresak (gaur eguneko Iberdrolaren aurrekaria) zentral nuklearrak eraiki nahi zituen Lemoizen, Deban, Jaizkibelen eta Arguedasen.

Heriotza
1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys bertatik bertara tiro eginda erail zuen, Nafarroa Garaiko Tutera hirian. Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys. Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek «tía buena» (euskaraz, neska katxarroa) esan zion Gladysi, Gladysek «hijo de puta» (euskaraz, putakume) ihardetsi eta orduan Martínez Salasek bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen.

Iturria: Wikipedia

Azken eguneraketa: 2019-11-21

Creative Commons lizentzia


2020 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO