HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2020 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

Emakumeak


Luz Zalduegi Gabilondo
Albaitaria
1914-06-01 - 2003-07-15

Luz Zalduegi Gabilondo bizkaitar albaitaria izan zen. Albaitaritza ikasketak amaitu zituen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. Estatuko hirugarrena. Kargu eta izendapen esanguratsu ugari izan zituen bizitzan zehar.

Luz Zalduegi Mallabiko Osma baserrian jaio zen. Txikitan Zengoitteko auzo-eskolara joaten zen, oinez. Mallabian hasitako prestakuntza Gasteizen eta Madrilen jarraitu zuen. Batxiler ikasketak Madrilgo Cardenal Cisneros Institutuan egin zituen, errebalida frogak arrakasta handiz gainditu eta ikasturte horretatik aurrera, ikasle ofiziala izan zen. Ondoren, 1930eko urrian, albaitaritza ikasketak hasi zituen, Madrilgo Enbaxadoreen kaleko antzinako Albaitaritza Eskola Gorenean.1935eko uztailaren 18an bukatu zituen ikasketak. Urte hartan, Kimika Inorganikoa eta Organikoa eta Analisi Klinikoen Katedran ikasle laguntzailearen plaza lortu zuen oposizioen bidez eta bertan egin zituen praktikak. Ikasketak amaitu eta gero, udal-ikuskatzaile izateko oposizioak prestatu zituen. 1936ko uztailean gainditu zituen.

Gerra garaian

Gerra Zibila hasi berria zen eta herrira bueltatu zen, Mallabira. Herrian zegoela, Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendariak, Martiniano Alkorta Saez de Buruagak, beragana jo zuen Gipuzkoatik ihesi zetozenei jaten emateko gizarte-laguntzak sortu zituen jangelen ikuskaritzaz arduratzeko. Horretan ibili zen Bizkaia frankisten esku geratu zen arte. Handik hilabete batzuetara udal-ikuskatzaile plaza eskuratu zuen Bermeon. Portuan, azokan eta kontserba fabriketan arrainen eta esnearen bromatologia azterketak egiten ibili zen. 1939. urteko abenduan ikuskatzaile plaza eskatu zuen Eibarko udalean eta onartu ondoren, bertara joan zen lanera, baina 1940ko uztailean, dimisioa aurkeztu zuen ezkontzeko. Ikaskidea izan zuen Leandro Carbonero Bravorekin ezkondu zen.

Gerrostean

Gerra amaitu ondoren, bikotea Marokoko Protektoratuan sortu ziren lanpostuetarako prestatu zen eta oposizioetan parte hartu zuten. Baina Zalduegik ezin izan zituen frogak egin. Oposizio egunean bertan, deialdiko zerbitzu buruak esan zion lan hura ez zela emakumeentzako aproposa eta erretiratzeko eskatu zion. Urte bete beranduago, debekatu egin zuten emakumeen izen-ematea oposizio hartan. Marokon bost urte eman zituen bikoteak. Ostean, 1945ean Estatuko Albaitarien Kidegorako oposizioak prestatu eta gainditu zituen. Plaza lortu ondoren Animalien Biologia Institutuan lan egin zuen. Bertan, sukar aftosoa ikertu zuen. Handik gutxira Abelazkuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzu Zentraletara bidali zuten.

Animalien Biologia Institututik, Abeltzaintzako Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara joan zen ikerketaren eta hezkuntzaren sailaz arduratzeko. Bertan, ikerketarekin jarraitu zuen eta ikuskaritza lanetan ere murgildu zen. Adibidez, Barajasko aduanan hegaztien inportazioaren zaintzaz arduratu zen. 1955etik erretiratu arte Nekazaritzako Ministerioko Abeltzaintzako Estatistika Sailean egin zuen lan. 1982-1984 tartean Nekazaritzako Kontseilu Goreneko lehendakaria izan zen. Jubilatu zenean, 1984an, Madrilgo Albaitaritzaren Historiarako Sozietateko Lurralde Zuzendaritzako Kidea izan zen.

Iturria: Wikipedia

Azken eguneraketa: 2019-04-10

Creative Commons lizentzia


2020 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO